EKITALDIAK / EVENTOS

HEGI, EGIA, EGIAK

tarjeta

HEGI, EGIA, EGIAK (vértice, verdad, verdades)

2013ko ekainaren 20a / 20:00
Donostia:
– San telmo Museoa
– Udal liburutegiko sotoa
– LaBretxa merkatal gunea
**Uztaila eta iraila bitartean Baionan eta Beran ere izango da emanaldia..

Zein hegitatik begiratzen den egia, itxura bat edo beste hartzen du. Egiak sortzen dira.
Egia, ordea, egia baldin bada, esan liteke pluralean?

“Lurra egia da. Badu ahotsa. Entzuten dugu lurra, mintzatzen dugu, ibiltzen dugu. Muino eta haranen
barne-orografia da hizkuntza. Ezagutzen den lur bat.
Kartografiaren oinarrizko ideia da, errealitatea moldatu egin daitekeela informazio espaziala modu eraginkorragoan emateko. Mapan, lurra hasi eta amaitu egiten da. Kolore uniformea du. Uniforme kolorea.
Musika ere barne paisaia da. Muino eta haranetan zehar ibilia, bihotz taupaden konpasean; allegro, forte, andante… 1812an Dietrik Nikolaus Winkelen bi pisuko pendulua sortu zuen, 1816an Maelzelek ”metronomo” gisara ezagutaraziko zuena. “Musikari metronomoduna, automata musikala da”. Panharmonicon izeneko orkestra-automatarentzat sortu zuen Beethovenek “Gasteizko batalla” pieza.”

“Hegi, Egia, Egiak”, Maialen Lujanbio eta Xabier Erkiziak sortutako proposamena da. 1813ko testuingurua abiapuntu hartuta, garaiko erreferentziak eta gaur egunekoak konbinatuz konposatu dute. Musika, soinu, hitz eta bertso ditu oinarri eta ikuspuntuaren arabera errealitateak har ditzakeen forma anitzen gaineko ariketa da. Proposamena, emanaldi hirukoitza da, hirukoitza eta aldiberekoa da: hiru emanaldi izango dira hiru leku desberdinetan eta aldi berean. Hiru HEGI desberdinetan EGIA bana, EGIAK, alegia. Ikus-entzuleak beraz, hautatu egin beharko du bere ikuspuntua, bere entzute-puntua.

Maialen Lujanbio bertsolaria da, Arte Ederretan lizentziaduna. 2009an Euskal Herriko bertsolarien txapeldun izan zen. Bertsoari dimentsio eta azalera berriak bilatzeko asmoz, bere esparru ezagunetik at abentura musikal eta artistikotan parte hartzeko beldurrik ez duela erakutsi izan du maiz Maialenek. Bertsotik haratago kantatzen du Maialenek, bertsoaren tradizionaltasuna espazio berrietara eramanez eta poesia konkretuaren edo esperimentalaren eskutik bide berriak arakatuz.

Xabier Erkiziak entzumenaren hainbat bidezidorretan egiten du lan. ERTZ Bertze musikei
eskainitako jaialdiaren (2000-2013) sortzaileetako bat da, Artelekuko Audiolab soinu laborategiko zuzendaria (2003-2013), hainbat komunikabidetan kolaboratzailea, filmetarako musika ere egin du, Euskal Herriko soinu-mapa (www.soinumapa.net) osatzen ari da… Musikaren mugak hautsi eta soinura iritsi zen. Orain soinuaren mugak zabaltzen ari da.

Lujanbio eta Erkiziak Ornitorrinkus egitasmoan egin zuten lan elkarrekin lehen aldiz, Judith
Montero musikariarekin batera, eta geroztik “Txori Mugariak” entzunkizuna edo “Areago”
audiogidak bezalako lanak aurkeztu dituzte.

HIRUGARREN BELARRIA: Diedrich Diederichsen

dd_irudia_web

Hausturaren ideiari eskeini genion, Hirugarren Belarriaren bigarren edizioaren gehigarri bezela, Diedrich Diederichsen kritikari eta kultur teorikalariaren hitzaldi eta lantegi bat antolatu ditugu.

Aurkezpen honetan ere, sakratuaren eremua arakatzeko belarriak duen potentziala nabarmentzen jarraitu nahi da: giza-hizkuntza irixten ez den zer-esanetan murgiltzeko aukera irekitzean (“esanahien mundu” edo semantikarekin beti mugan), soinuak muturreko tentsio batetara garamatza. Ezin ukatu ordea, “izendatu ezin den hori”, “sakratua” deritzoguna, bestaldetik hitzen sorrerari biziki lotua ageri dela, eta beraz eraiki dugun Errealitateari.

Beraz, Gizonak bere lengoaiekin eraiki dituen sakratuarentzako forma ezberdinak ezin dira alboratu ikerketa honetan. Hau dela eta, egun fede metafisikorik gorena sustengatzen duten merkatu globalizatua eta bere “espiritua” izango ditugu, besteak beste, lantegi honetan aztergai.

Hainbat textuetan aditzera eman den bezela, ekonomia kapitalistaren garapen eta zabalkundeak uniformizaturiko sujetu baten eraiketa eskatzen du, “lehiatsu” gisa definituriko norbait, etekinari errenditua. Eta beraz, bere burua gainditzen duen horrekin denbora guztian harremanetan dagoena.

“Bere” bizitzaren protagonista izatea eskatzen dioten dispositibo ezberdinek, bere desioa berak arrazionalizatu dezan eskatzen diote. Edozein bizimoduren sakontasuna ordezkatuko duen benetako “arimaren kudeaketa” baten agerpenaren aurrean ginateke beraz. Arteetara itzuliz (jakite eta boterearen dispositiboek erabat jabetu ez dituzten esperientziak diren neurrian), egoera honetan hauek gauzatzen diren baldintza materialetaz hausnartzea proposatzen da: ikusizko arteak eta musika, merkantzien korronteak eta formalizazio artistikoak, baina baita dinamika instituzionalak ere, kontaktuan jartzen direnbitarteko espazioak.

Objektu musikalaren bermaterializazioa

Maiatzak 15, 19:00etan: Hitzaldi irekia Diedrich Diederichsenekin.
Maiatzak 16 lantegiaDiedrich Diederichsenekin.

Oinarrizko hiru egituraren barruan, ez-koklear terminoaren balizko emaitzez hitz egingo dut, eta batez ere arte praktiken arteko alderaketarekiko harremanean, haiek generozkoak bezala ulertuak, azkenean ideia erretoriko horren imitazio bat lortzeko: objektu musikalaren desmaterializazio eta bermaterializazioaren inguruko eztabaida.

Lantegia zentratuko da soinu-objektuen materialtasun/immaterialtasun arteko eztabaidetan a) ontologiari, b) merkatu eta banaketari, eta c) beste arteei dagokienez.

Ez-kokleartasunaren kasua hiru ikuspegi horietatik aztertu nahi nuke. Bada antzekotasunik arte praktika batek mundua eta bere lehiakideak -gainerako arte praktikak- behatzeko modu bikoitzaren eta entitate kapitalista batek, enpresa batek, alde batetik merkatua eta bestetik bere lehiakideak behatzen dituen moduaren artean. Konstelazio horrek buru-deskribapenetara eta funtsezko ezaugarri edo abantaila baten definizioetara darama. Abantaila espezifiko edo salmenta argudiatze esklusibo baten definizioetara. Aldi berean, egoera horrek buru-nortasun lasaigarriak eragiten ditu, bai mugimendua eta garapena ere. Horrenbestez, barne eten bat dago arte praktika bakoitzean, itzulpen edo eraldatze gune bat, nola edo hala erlazionatuta dagoena esentzia edo abantaila espezifiko horren definizioarekin. Definizio horrek bitatik bat: edo etena estaltzen du, edo puntu indartsu izendatzen du. Baina barne eten hori ekoizpen edo/eta banaketa alorreko errealitate bat da, eta ezin daiteke erraz saihestu.

Azkenik, instituzionalizatzearen logika dago. Instituzio bilakatzen den arte praktika batek gogara estali edo ikusezin bihurtu du itzulpen alorreko bere barne arazoa. Orain bestelako logika bat sartzen da esparru horretako eztabaidetan: iraultzaren logika, Edipo, belaunaldi aldaketa, aldaketa teknologikoen halabeharra, etab.

Diedrich Diederichsen
(Hanburgo, 1957ko abuztuaren 15a) idazle, musika kazetari and kultur kritikaria. Artea, politika eta pop kultura zeharkatzen dituen pentsamenduaren alorrean, Alemaniako idazle intelektual nabarmenetakoa da. Diedrich Diederichsen Hanburgon jaio eta hazi zen, eta bertan egin zuen lan lehen aldiz musika kazetari gisara, Sounds izeneko aldizkarian, hain zuzen 1979tik 1983ra gertatu ziren Punk eta New wave musika mugimenduen leherketen garaian. 1990ko hamarkada arte, Koloniako eragin handiko Spex aldizkarian editore nagusi lanak bete zituen. Behin behineko irakasle lanak ere egin izan ditu eta zenbait urtez Stuttgart-go Merz akademian irakasten ibili ondotik, 2006an Vienako Arte Ederren Akademiako Arte garaikidearen Teoria, Praktika eta Komunikazio irakasle bihurtu zen.

AREAGO @ Igartubeiti

areago1

AREAGO, Soinuetan murgilduz ibili
Areago, Igartubeiti Baserri Museoko ondare baliabideak eta teknologia berrien erabilera biltzen duen egitasmo berriztatzailea da, bertako ondarea balioan ipini asmoz. Arte alorretako elementuak, bertsolaritzarekin, musikarekin, soinudun artearekin bateratzen ditu soinudun ibilbidearen eta kontakizun esperimentalaren artean kokatzen den istorio bat sortuz.

Egitasmo honek, GPS teknologiarekin hornitutako smartphone edo laugarren belaunaldiko telefonoak erabiliz, audiogida sistema bat proposatzen du, gune irekiak soinuen bitartez esploratzeko aukera eskainiz.
Areagotutako soinu errealitate edo areagotutako entzuketa ariketa honetan, ingurune hurbileko soinuak, aurrez grabatutako eta geolokalizatutako beste soinu eta musikekin (kasu honetan Igartubeiti Baserria eta bere ingurunean jasotakoak), nahasten dira, audiofonoen bitartez. Areagok ondare materialari eta ez materialari gerturatzeko esperientzia paregabea eskaintzen dio bisitariari. Ingurunearekin elkareragitearen bitartez, gure ingurunearekiko harremana zalantzan jartzen du, ondarea esperimentatzeko eta bizitzeko gerturatze eta gune berriak proposatuz. Egitasmo honek testuinguru berriak sortu nahi ditu, ondarea ulertzeko ikuspegi ezberdinak zabalduz. Orokorrak diren pertzepzioen menpean hartutako edo adostutako mugak nabarmendu nahi ditu eta soinu artearen lengoaiaren bitartez, gure entzutea ireki.
Era berean, ondareari buruzko lan egiteko modu berriei buruz hitz egiten duen bide berri bat irekitzen du. Ondare baliabideei balio erantsia gehi diezaiokegu, ofizialagoak diren beste diskurtso batzuk osatzen laguntzen duten eduki berriak sortu eta esperientzia berriak eskainiz.

Lan Prozesua
Egitasmo esperimental hau lan fase ezberdinetan garatu da. Ahots eta soinu ezberdinak grabatzeko landa lanetik, kontzeptualizazio eta sormen lanera, mugikorrerako aplikazioen garapena eta K6 Kultur Gestioak garatutako koordinazioa.
Dokumentala besterik ez denaren eta fikzioaren arteko muga horren emaitza soinu kontakizunak dira. Belarrietarako pelikulen antzekoa, ahozko poesiaren, musikaren edo soinu artearen baliabideak erabiliz, ezohiko audiogida. Soinu ipuin bat, audiogidaren mugak gainditzen dituena Igartubeitiko bisitariari berebiziko esperientzia erakargarria eskainiz.
Euskarazko bi kontakizun sortu ditugu lehen esperientzia honetan. Aurten kolaboratzaile ezberdinen eskutik handiagotzen joango da. Publiko mota ezberdinari zuzendutako zenbait aukera hizkuntza ezberdinetan izatea da asmoa.

Areago-ren lan prozesua fase ezberdinetan garatu da:
2011ean hasitako lehen fasean, dokumentazio prozesua burutu da, AUDIOLAB lan taldeak Ezkio-Itsasoko gertakizun nabarmenak, feriak, kultur jarduerak, jaiak eta ohiturak erregistratzen joan da urte osoan, ibilbideak osatzen dituzten azken kontakizunak sortzeko baliagarriak izan zitezkeen zenbait erreferentzia aurkitzeko asmoz.
Bigarren fasean, Igartubeitira zenbait bisita egin ondoren eta soinuak, musikak, dokumentuak istorioak eta baserriaren historiari lotutako mota guztietako erreferentziak aztertu ondoren, hasteko bi kontakizun diseinatu dira.
Horretarako Maialen Lujanbio bertsolaria eta Arantxa Iturbe kazetaria gonbidatu ditugu. Bakoitzak baserriarekin izandako esperientzian oinarrituz istorio bat sortu du.

Lehen kontakizuna, Maialen Lujanbioren eskutik, baserri inguruko ibilbide bat da, non pertsonai ezberdinen bitartez, sagardo garaian baserrian gertatutako pasadizo baten kontakizuna azaltzen dituzten bertsoak “ezkutatzen” diren. Baserriko jabearen, bere emaztearen eta atzerriko bisitari baten arteko solasaldi hauetan, beraien ikuspegi subjektiboen bitartez, zenbait egoera kontatzen dituzte bertsotan. Egoera guzti hauek esperientzietan eta giza gertaeretan oinarritutako baserriko egunez eguneko kronika osatzen dute, garai bateko, ahaztutako bertsoak izango balira bezala, gaur egun birsortuak izan direnak.
Bertsotan jarri diren mikro-istorio hauek, soinu baliabideen erabilpenarekin berrindartu dira, natur soinuen grabaketen bitartez, mikrofono bereziekin egindako grabaketak (baserriko egurraren karraska eta gune berean agerikoak ez diren beste fenomenologia batzuk grabatzeko) edo in-situ grabatutako musikak, guztiek hitzen kontakizunari karga dramatiko egokia ezarriz.

Arantxa Iturbek sortu du bigarren kontakizuna. Arantxak, lau denbora eta lau pertsonai-ahots kokatu ditu gure museoaren inguruan, ejerzitoik ihes doana, bere senarretik ihesi doana, mundu modernotik ihesi doana eta etxetik ihes egin ezin duena. Azken finean, ekoizpen metodoa ikusentzunezko dokumental edo film baten antzekoa izan da, baina bakarrik soinu baliabideak erabiliz, hauetaz gozatuko duen erabiltzaileak soinu informazioa ikus esperientziarekin bateratu ahal dezakeen esperientzia bat bizitzeko.

Merezi du gogoraraztea, lehen esperientzia honetan, kontakizuna sortzeaz gain, gune honetarako tresna esklusiboa diseinatu eta sortu dela, kontakizun berriekin elikatzen joango dena. Beraz, erabiltzaileak istorio eta pertsonai ezberdinak aukeratu ahal izango ditu lekuaren historia ezezik, inguruko geografi berezitasunak ere bai gehiago eta hobeto ezagutzeko. Helburu honekin, audiogida berri hauen bilduma elikatzeko garaian garatu daitezkeen etorkizuneko aukeretan, sortu daitezkeen estrategietan edo ideietan pentsatu da.

Aplikazioaren garapena
Areago egitasmoa gauzatzeko beharrezkoa izan da proiektuak sortutako beharretara egokitutako zenbait teknologi tresnak sortzea, gaur egun merkatuan daudenak ez dietelako erantzuten egitasmo honen behar eta eremuei.
Tresna hauen garapena bi alorretan banatu da, frontend eta backend.
Frontend-a smartphne mugikorretarako Android sistema operatiboaren SDK-ren bitartez garatutako aplikazio bati dagokio. Aplikazio honek Areago erabiltzaileei Igartubeiti Baserri Museoko inguruetatik ibilbidea egitea ahalbidetzen die.
Backend-a Areago proiekturako barne erabilpenerako web aplikazioa da eta bertatik, mugikor aplikazioan erabiltzeko moduan dauden soinu ibilbideak, edukiak, ibilbidearen forma eta soinu puntuen ezaugarriak burutzen eta kudeatzen dira.

Kudeaketa eta funtzionamendua
Lehen fasean, mugikorrak Igartubeiti Baserri Museoan banatuko dira. Bestalde, soinu ibilbideetaz gozatzeko argibideak biltzen dituen liburuxka argitaratu da. Aipatzekoa da, sortutako kontakizun mota dela eta, lehen fase honetako edukiak euskara hutsean garatu direla. Aurten beste kontakizun batzuk sortuko dira beste hizkuntza batzuetan.

Lan taldea
Proiektu honen garapenerako osatutako lan talde profesionala elkarren osagarri diren profil tekniko multzo batez eratuta dago.

Edukiak:
AREAGO*1- Lehen kontakizunean parte hartu dute:
Gidoiak, bertsoak: Maialen Lujanbio
Ahotsak: Patxi Etxeberria, Kristina Mardaras, Eñaut Agirre, Mikel Mendizabal

AREAGO*2 – Bigarren kontakizunean parte hartu dute:
Gidoia, testuak: Arantxa Iturbe
Ahotsak: Nekane Peñagarikano, Arantxa Iturbe, Xabier Erkizia, Zuhaitz Akizu

Audio edizioak: Xabier Erkizia
Grabaketak: Xabier Erkizia, Iñigo Telletxea (Audiolab-Soinumapa)

Aplikazioa/Programazioa: Xavier Balderas, Luca Rullo (Audiolab-Soinumapa)
Koordinazioa eta Kudeaketa: Marta Font, Kizkitza Ugarteburu (Igartubeiti Baserri Museoa – K6 Kultur Gestioa).

IRRATIAREN BARRENAK ENTZUTEN

IRRATIA tailerra

Martxoaren 7 eta 14an
ARTELEKU, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
Gonbidatuak: Xabier Erkizia, Arantxa Iturbe, Tere Beloki

Lantegi hau EHUko kazetaritza fakultatearekin elkarlanean egin da.

Azken 30 urteotan soinuarekin lan egiteko teknikak eta (ondorioz) estetikak nabarmen aurrera egin duten arren, oinarrian, irratiak orain dela 30 urteko baliabide beretsuak erabiltzen ditu oraindik. Beharbada, gure herri hontan komunikabideekiko ditugun errezeloek behartuta, (dela klase politikoaren eskuhartzea, direla hizkuntza ttikiaren konplexuak eragindako beldurrak edo kultura sonoroa ahaztea, dela irrati-arteak jorratzeko ezintasuna…) irratiak, bereziki euskaraz egiten denak, jarrera nagia hartu du, esperimentatu ezkero audientzia galtzeko beldurrez. Lehentasun kontua ere izan daiteke, euskal kulturan orokorrean zer gertatu den ikusten badugu: hizkuntzaren defentsa eta bizi-iraupena izan ditu irratiak ere lehentasun. Horrexegatik, euskaraz aritzeak dituen berezitasunak eta eskaintzen dituen aukerak ezagutzea (audientziak kopuru mugak ditu, baina txikia beti da malguago) inoiz baino garrantzitsuagoa da, etorkizuneko erronkei erantzuteko gai izango den euskarazko irrati eguneratu eta aurrerakoi bat proposatzeko.
Bi egunetan banatutako lantegi honek irratigintzarekiko ikuspegi berriak sustatzea du helburu nagusi. Aurrera egin nahi bada, gaur egun irratia egiteko moduei erreparatuz, ikuspegi kritikoa eta eraikitzailea topatzea beharrezkoa da. Eta egingarria.

workshop ARRASTOAK: INPROBISAZIO LIBREA ETA ERAIKUNTZA

TAILERRA: ARRASTOAK: INPROBISAZIO LIBREA ETA ERAIKUNTZA
ITZIAR OKARIZ, SEIJIRO MURAYAMA
Apirilak 02 – 07, ARTELEKU Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
KOORDINAZIOA: AudiolabAzala 

“Performance-a eraikuntza bezala pentsatzera, alegia, performance-ak zeinuak sortzeko duen bereizitasunean eta beraien eraldaketen inguruan hausnarketa egitera gonbidatu nahi nituzke lantegiko parte hartzaileak. Lantegi honen bi lan ildoak ariketa praktikotan oinarrituko dira: Alde batetik gorputza zeinu bezala eta, bestetik, lengoaiak norbere burua kokatzeko orduan duen balioa ulertzen lagunduko gaituzten ariketak. Azken ildo honetan, hizkuntzaren ezaugarri adierazleetan eta plastikoetan ikertzen ibiliko gara, berdin idatziz nahiz lokuzio gisara.
Gorputzarekin nahiz idatziarekin loturik dauden heinean hizkuntzaren oinarrizko formak onartzen dituzten eta egun prozesuan dauden performanceak abiapuntu hartuz lan egingo dugu. Hortarako erreferentzia ezberdinak erabiliko ditugu, Azucena Vieites edo Virginia Wolf bezalako artisten testu zatiak barne.
Aldiberean, aipatutako galderak kokatzeko baliagarriak izango diren zenbait irakurketa eta ikusketa proposatu nahi nituzke. Batzuk neureak izango dira, baita beste hainbat artista, idazle eta poetenak ere… besteak beste, Chantal Akerman eta Aram Saroyam, Eve Kosofsky Sedwick edo Vito Aconcci” dio Itziar Okarizek.

Musikatik areago doan ibilbidea proposatzen digu Seijiro Murayamak. Arte performatiboaren espazioa eta denbora lantzeko, inprobisazioaren bidea gorputzaren, objektuen eta soinuen bitartez bilatzen du berak, ondoren, esperientzia horren eskutik inprobisazioaren suspertzera edo bere musikan ezberdinak diren elementuak txertatzera itzultzeko.
Orokorrean, inprobisazioari buruz daukagun ezagutza inprobisazio idiomatikoaren alorrean kokatzen da, hau da, hizkuntzaren jarduerekin estuki lotuta. Murayamak proposatzen duena ezberdina da: inprobisazio ez-idiomatikoari dagokio, norbera berezko hizkuntzak garatzeko gai izan beharko litzateken espazio batera. Lantegian, ahotsa, objektuen manipulazioa, mugimendua espazioan edo entzuleekin harremana bezalako aspektuak landuko dira, beti ere, entzumena oinarri hartuz. Hori da ulerkuntzaren oinarria. Azken finean, proposamena, entzuketa aktiboaren inguruan lan egitea da, isiltasunari arreta eskainiz, isiltasuna musikarako gai bezala erabiliz.

Itziar Okarizen lanak bideogintza, argazkigintza eta instalazioa bere gain hartzen ditu. Bere lanek, identitatearen eraikuntzari, errepresentazio egituren subertsioari eta gorputza/espazioa (publikoa nahiz pribatua) erlazioari arreta ematen diote.
Bere ekintzen berehalakotasunak, ekintzak gertatzen diren espazioekin etengabeko elkarrizketa sortzen du. Akzioak leku eta momentu desberdinetan errepikatzea ere, bere lanaren ezaugarri nagusietakoa da, errepikapen hauen bitartez oinarrizko elementu batetik ezberdintasunak eta ñabardurak sortzen baititu.

Seijiro Murayama perkusionista, bateria-jolea eta konpositorea da. 1982z geroztik musika inprobisazioaren esparruan egiten du lan, bere jarduera bideo, argazki, diseinu, dantza eta poesia bezalako beste diziplinekin nahasiz. 2005az geroztik, Frantziako dantza garaikidearen esparruan koreografo garrantzitsuenetako bat den Catherine Diverres-en “Octobre” konpainiarentzat musikari-konpositore lanak egiten ditu. Jean-Luc Nancy filosofo ospetsuarekin lankidetzan ari da “Venus and the organist” proiektuan. Eta besteak beste, honako musikariekin egiten du lan erregularki: Jean-Luc Guionnet, Eric Cordier, Eric La Casa, Mattin, Soundworm, Toshimaru Nakamura, Toshiya Tsunoda, Robin Hayward… Europako eta Japongo festibal askotan aurkeztu izan du bere musika.
http://www.seijiromurayama.com/


IZEN- EMATEA:

Matrikula: 50 euro (janaria barne)
Izen- ematea:azala@azala.es
Izena-emateko azken eguna: 2013ko martxoaren 25
Parte hatzaileak: 20 gehienez
Ordutegia: 11:00-14:00/ 16:00-19:00 (partehartzaileekin adosteko)
Musikariak, performerrak, dantzariak, koreografoak, artista bisualak, dramaturgoak, ikasleak eta ikerlariei zuzendutako tailerra.

* Behar dutenei lo egiteko lekuen inguruko informazioa emango zaie.

OPEN SOUND London

url

AUDIO-LAB elkarteak Londresen ospatuko den OPEN SOUND topaketan parte hartuko du otsailaren 28tik martxoaren 2ra. MODUS ARTS elkarteak antolatu duen ekitaldi honetan OPEN SOUND sareko kideek bere aktibitateen inguruan lan egiten duten artistak gonbidatu dituzte, orain arte Sizilian , Lisboan, Bergenen, Nantesen edo Donostian egin bezala.
Egitarauaren barnean eta Audiolaben errepresentazio modura, parte hartuko duten artistak honakoak dira: MIKEL R. NIETO, JOSE LUIS ESPEJO, OIER ETXEBERRIA eta XABIER ERKIZIA. Beraiekin batera beste hainbat artistek eta pentsalariek parte hartuko dute topaketetan.

www.audio-lab.org
www.opensound.eu
www.modusarts.org/

IREKIAK#4: Binaural Nodar

Otsailak 15, ostirala / 18:00
ARTELEKU, Donostia/San Sebastián (Gipuzkoa)
Audiolab Arteleku / Binaural Nodar / Open Sound

BINAURAL / NODAR ikerketa artistikoari eta esparru lokalean eta nazioartean oinarritutako lankidetzari emandako kultur elkartea da. Ikerketa artistikoa, sorkuntza, teknologia eta ingurune sozial nahiz geografikoa batzen dituen medio pribilejiatu bezala ulertzen du egitasmo honek. Elkarteak antolatzen dituen ekitaldien artean Nodar Rural Art Lab (São Pedro do Sul, Portugal) da nabarmenena. Egitasmo hau, nagusiki, soinuan eta arte eszenikoetan oinarritutako nazioarteko egitasmo artistikoen garapenerako programa da eta hauen aurkezpen publikoak ere garapen horren zati bezala ulertzen ditu. 2006tik gaur arte, 100 artista egoilar baino gehiagok hartu du parte Nodar-en, beraien lanen bidez eskualdearekin harremanak sortuz, alegia, lekuaren identitate, memoria eta jakina, espazio geografiko eta sozialarekin elkarreraginez. Aldiberean, esperientzia aberasgarri honek, bestelako egitasmoei ireki die atea, berdin alor editorialean (cdak, liburuak, filmak…), hezkuntzan (Aldeias Sonoras, Cidades Sonoras) edo artxibismoan (Tramontanako memoriaren artxiboak).
Luis Costa BINAURAL/NODAR egitasmoaren sortzaileetako bat izateaz gain, gaur egun zuzendaritza taldeko kidea da, baita idazle eta soinuartista ere.

AUDIO-LANEN ENTZUNALDIA:
. A Esposa | Manuela Barile
. Passageira da Água | Rui Costa, Maile Colbert
. 7 Minutos de Cabras e Homens | Luís Costa
. G.D. Parada | Duncan Whitley

]IREKIAK[ mikro-tailer publiko eta irekien ziklo edo saila da. Emaitza zehatzik gabeko topaketak dira irekiak, alor desberdinetako artisten eta ez-artisten arteko iritzi eta ideia trukaketa sustatzea helburu dutenak. Azken finean, Irekiak, jakintza elkartrukerako sortutako espazioak dira, edonork, parte hartzeko eta saio berriak proposatzeko, baita egitasmoak martxan jartzeko aukera eskaintzen dutenak.
Denak gara onak zerbaitetan. Irekiak da hain zuzen onak garen hori erakusteko eta konpartitzeko lekua. Garrantzitsuena elkartuke irekia denean, berdin dio bakoitzaren lan-esparruak eta berdin dio teknikak.

Musika dokumentazioa eta soinuzko praktika berriak


JARDUNALDIAK:
Musika dokumentazioa eta soinuzko praktika berriak
(soinu artea eta musika esperimentalak)

Abenduak 14, ostirala 
10:00 – 14:30 
ARTELEKU, Kristobaldegi 14, Loiola auzoa, DONOSTIA (Gipuzkoa) 
Antolatzailea: AEDOM (Asociación Española de Documentalción Musical)
Laguntzaileak: INAEM, Kirol, hezkuntza eta kultura ministeritza, Audiolab, Arteleku
www.aedom.org

Musika dokumentazio tradizionalaren interes esparrua, partiturak edo soinuzko grabaketen bitartez euskarri dokumentalen sailkapenetik eta azterketatik musikaren fenomenoarengana hurbildu bada, azken hamarkadotan musika diziplina berrien (eta ez hain berrien) sorkuntza eta zabalkundeak jakinmin hori ezinbestean hedatzea ekarri du. Interes gune hau zergatik zabaldu den erraz antzeman liteke zenbait egiaztapenen bidez: soinu-artea kontsolidatu egin da arte garaikideko zentru eta espazio artistikoetan, espazio alternatiboetan eta errepertorio “klasikoko” auditorioetan “musika experimentala” deitzen zaion musika horien kontzertuak ugaldu egin dira, eta inprobisazioa eta musika elektronikoa ikaskuntza eta musika formakuntza zentruetan sartu dira, gutxi batzuk aipatzearren.

Joan zen mendean eta XXI. mendeko lehen hamarkadetan sortutako musika proposamenak (azken finean, entzumen proposamenak) ugaltzeak musika dokumentazioarentzako eztabaida esparru berri baten beharra erakutsi du. Eta aldiberean, ikuspegi museologikotik erakusketa espazioetatik soinuaren azterketarenganako hurbilketa saio berriak martxan jartzeko beharra nabarmendu du. Topaketa honek, prozesu musikalarekin lotuta dauden soinu artea eta dokumentazioa bezalako bi esparruren erlazioetan eta alderaketan interesa duten musikologo, soinu artista, kontserbatzaile, ikerlari eta musika dokumentalistentzako eztabaida espazio berria sortzea du helburu. Soinua, ezkutuko aurpegirik gabe, egiten, sortzen den modu bereziak, zenbait arazo sortzen ditu erakusketa espazioan. Batzuetan, arazo larri bihur daitezkeenak. Soinuzko espazialitatearen forma duten arrarotasun horiek, zenbait galdera sortzen dituzte: Nola azaldu beharko genituzke soinuzko lanak? Nola gorde beharko lirateke? Nola sailkatu?

Bestalde, musikaren dokumentazioak, artxiboak sailkatzeko orduan agertzen diren mugei buruzko hausnarketa egin behar luke. Bai musika esperimentalaren artxiboak, ekitaldi bateko partiturak edo sarean banatutako soinu paisaien grabaketen sailkapenak, edo arte modernoaren historian, askotan gordeta ageri zaigun euskarriak ze paper jokatzen duen ikertzeko garaian.

Gonbidatuak:
Jorge García, Madrilgo Reina Sofia museoko (MNCARS) zaharberritze departamentuko zuzendaria
Arianne Vanrell, Madrilgo Reina Sofia museoko (MNCARS) zaharberritze departamentuko teknikaria.
Miguel Álvarez-Fernández, konposatzailea, soinu artista, musikologoa eta soinu arteko egitasmoen kuradorea.
Lino García Morales, Madrilgo Unibertsitate Politeknikoan ikusentzunezko ingenieritza eta komunikazioetako departamentuko irakaslea. Arte garaikideko kontserbazio-zaharberritzeko Magisterreko irakaslea (Madrilgo Unibertsitate Konplutensea eta Reina Sofia museoa).
José Luis Maire,AEDOMeko lehendakariordea, musika-zaina (Juan March fundazioko liburutegian), musikologoa, Musika dokumnentazioaren kudeaketaren masterreko irakasle (UAM).

]IREKIAK[ @ Arteleku

]IREKIAK[ mikro-tailer publiko eta irekien ziklo edo saila da. Emaitza zehatzik gabeko topaketak dira irekiak, alor desberdinetako artisten eta ez-artisten arteko iritzi eta ideia trukaketa sustatzea helburu dutenak. Azken finean, Irekiak, jakintza elkartrukerako sortutako espazioak dira, edonork, parte hartzeko eta saio berriak proposatzeko, baita egitasmoak martxan jartzeko aukera eskaintzen dutenak.
Denak gara onak zerbaitetan. Irekiak da hain zuzen onak garen hori erakusteko eta konpartitzeko lekua. Garrantzitsuena elkartuke irekia denean, berdin dio bakoitzaren lan-esparruak eta berdin dio teknikak.

Lehen harria Audiolabek bota du, Artelekuko arte eta teknologia laborategiarekin elkarlanean, baina proposamena, bere jakintzak elkartrukatu nahi dituen edonori irekia dago. Anima zaitez!

2012ko amaiera bitarte, hauek dira aurreikusitako lehen saioak:
Abenduaren 3a: ANDRÉ GONÇALVES artistaren aurkezpena eta kontzertua
Abenduaren 10a: RASPBERRY PI mikro-ordenagailuari buruzko aurkezpen hitzaldia
Abenduaren 17a: MIKROFONIAK 1 DIY mikrofonoak egiten ikasteko lehen pausuak

OPEN SOUND > Nantes

OPENSOUND Nantes
2012ko urriaren 29tik azaroaren 2ra, NANTES (Frantzia)

AUDIO-LAB elkarteak Nantes hiriko zenbait lekutan ospatuko den OPENSOUND NANTES topaketan parte hartuko du.  APO33  elkarteak antolatu ekitaldi honetan OPEN SOUND sareko kideek  bere aktibitateen inguruan lan egiten duten artistak gonbidatu ditu, orain arte Sizilian , Lisboan, Bergenen edo Donostian egin bezala.
Egitarauaren barnean eta Audiolaben errepresentazio modura, parte hartuko duten artistak honakoak dira: MIGUEL A. GARCIA, MYRIAM AYÇAGUER eta XAVIER BALDERAS. Beraiekin batera STEVE GOODMAN edo CARLOS ZINGARO bezalako artistek eta pentsalariek parte hartuko dute topaketetan.

www.opensound.eu
www.apo33.org 

post-ERTZ#13 Flickr gallery

http://www.flickr.com/photos/ertz/sets/72157631557726892/

2012ko irailan ospatu ERTZ jaialdiaren 13. edizioan eta HIRUGARREN BELARRIAren bigarrenean egindako argazkia.
Argazkilariak: Asier Gogortza eta Luca Rullo.

ERTZ #13

ERTZ#13 Bertze Musiken jaialdia
Gonbidatuak: Pascal Battus, Marc Behrens, Tomoko Sauvage, Ken Jacobs, Iñaki Pikabea, Proyecto23, Anamorphose, Alex Mendizabal, Huts egin, Oier Etxeberria, Mezuak Lekuz kanpo, Hirugarren Belarria…

2012ko irailaren 7tik 15era
BERA, DONOSTIA, HAZPARNE

www.ertza.net
Organiza: ERTZ, AUDIOLAB

13 zenbakia zorte txarrarekin edo zorigaiztoarekin erlazionatu ohi dugu. Baina gu ere sineskerizaleegiak. Aldrebes, herrialde aunitzetako artistak gonbidatzen ditugu gure sinesgaitzak beraiekin elkartrukatzeko. Eskaileren azpitik pasatzeko prest gaude, katu beltzekin bizitzeko ere, baita horiz janzteko ere, horrek ongi pasatzea erran nahi badu. Film esperimentalak, kontzertu inmersiboak, urarekin egindako musikak, soinu-otorduak, futbol zelaietako kantuak, manifestazioetako musikak, flamenko eta jota saltsak, soinuarekin egindako masaje sesioak edo entzumenari buruzko pelikulak zai ditugu.
Zure sineskeriek uzten badizute, gure aldetik gonbidatuta zaude.

Azken urteotan gertatu izan den bezala ERTZ jaialdia hiru zati nagusitan banatuko da aurten ere: BERAn ospatuko diren hiru egunak, DONOSTIAn ospatuko diren HIRUGARREN BELARRIA jardunaldiak eta azkenik HAZPARNEn ospatuko den azken jaialdi eguna.

Informazio gehiago:
www.ertza.net

HIRUGARREN BELARRIA jardunaldiak

HIRUGARREN BELARRIA: Hausturarena
hirugarrenbelarria.audio-lab.org
Entzumenari buruzko jardunaldiak (2. zatia)
Gonbidatuak: Pascal Battus, Jose Ramon Mozota Ortiz, Jose Mari Esparza, Jose Luis Ortiz Nuevo, Jaume Ayats, Jose Luis Espejo, Myriam Ayçaguer, David Arratibel

2012ko irailaren 10etik 14ra
ARTELEKU, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)

KAXILDA liburudenda, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
GUARDETXEA, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
KUTXA ARETOA, Donostia-San Sebastián (Gipuzkoa)
Antolatzailea: AUDIOLAB ELKARTEA
Sustatzaileak: EREMUAK, ARTELEKU
Laguntzaileak: ERTZ jaialdia, KAXILDA liburudenda, GUARDETXEA, KUTXA
Zuzendaritza: Oier Etxeberria, Xabier Erkizia

___

EGITARAUA:

Irailaren 10a astelehena / Arteleku, Donostia
MEDIKU MUSIKARI
16:00 – 19:00
Pascal Battus: Soinuzko masaje sesioa (plaza mugatuak)
Erreserbak doan: info@arteleku.net
19:00 Hitzaldia :
Jose Ramón Mozota Ortiz: Belarri musikalaren eta zuzentzailaren artean

Irailaren 11a asteartea / Kaxilda liburudenda, Donostia
TRADIZIOA, TRADUKZIOA, TRAIZIOA
19:00 Hitzaldia :
Jose Mari Esparza: Jota heretikoak
20:00 Hitzaldia :
Jose Luis Ortiz Nuevo: EGOERAK Tirititran tran tran tran tran… Transgresioak Flamenko erara
Ondotik: Jan-edan, solas eta entzuteko tartea

Irailaren 12a asteazkena / Arteleku, Donostia
HIRIA ORROKA
19:00 Hitzaldia :
Jose Luis Espejo: Ziegak eta Transduktoreak
20:00 Hitzaldia:
Jaume Ayats: Taldearen errepresentazioa manifestazioen esloganetan eta kirol estadioetako kantuetan

Irailaren 13a osteguna / Guardetxea, Donostia
INOIZ IKUSTEKOA
20:00 Soinuzko dokumentariaren entzunaldia:
Ni Nüzu (Myriam Ayçaguer, 2011)

Irailaren 14a ostirala / Kutxa Arrasate aretoa, Donostia
IRISTEN EZ DEN ISILTASUNA
20:00 Film proiekzioa (pre-estrenoa):
Oírse (David Arratibel, 2012)

AMMMRB #III Topaketa

AMMMRB #III
Abuztuaren 1etik 5era
Arteleku, kristobaldegi 14, Loiola auzoa, Donostia-San Sebastián

2006 eta 2006ko esperientzia gogoangarrien ondotik (biak ere hainbat egitasmo martxan jartzeko balio izan zutenak) MRB/AMM topaketak beste batez Euskal herriko testuinguruan musika esperimentalen eta soinu artearen inguruko eztabaidak eta hausnarketak proposatu nahi ditu. Mahai-inguru, hitzaldi, aurkezpen, kontzertu eta eztabaida publikoek osatzen duten kolektiboki egindako egitarauarekin, musika hauek (eta orokorrean musikak) gure ingurune honetan bizi duten egoerari buruzko diagnostikoak azaleratu nahi ditu, gabeziei, interesei, beharrei, eskaerei eta bestelako eztabaidei irtenbidea emateko helburuarekin. Bertan Euskal herriko probintzia guztietako artistek hartuko dute parte, baita, aldioro egin ohi den bezala, kanpoko gonbidatuei ere atera irekiz. Urte guzti hauetan topaketa honek berebiziko garrantzia duela ikusi ahal izan da, bertatik sortu baita gaur egun musika hauek praktikatzen dituzten artistentzako ezinbestekoak diren plataformak eta tresnak sortuz.

AMM-MRB #3 EGITARAUA pdf 
www.arteleku.net/mrbe