Soinumapa.net

EUSKAL HERRIKO SOINUEN MAPA

SOINU MAPA, Euskal Herriko Soinuen Mapa elkarlanera eskainitako sare egitasmo irekia da. Fonografia edo gure inguruko hotsak grabatzeko artea oinarritzat hartuz, soinuzko landa-grabaketak erakutsi, kontsultatu eta elkartrukatzea xede duen sare plataforma da. Azken finean, hasieratik online sortu, oraindik online dagoen, etengabe online sortzen den eta online bizi eta haunditzen den soinuen artxibo ireki bat da Soinumapa.

Webgune honetan Euskal herrian zehar egindako hainbat soinu grabaketa entzun daitezke, toki bakoitzaren errealitateari eta izaerari buruz informazio ugari eskaintzen dutenak, eta aldiberean soinuzko memoria bilduma interesgarri, aberatsa eta publikoa osatzen dutenak.

Beraien elkartruke motak eta erabilerak arautzeko, Soinumapako artxiboa osatzen duten ekarpen guztiak Creative Commons lizentziapean banatzen dira, erabilera berriak eta sortzaileak bermatzeko eta sustatzeko asmoz.

Zuk ere grabaketak egiteko ohitura edo gogoa baldin baduzu, zure ekarpena egin dezakezu, mapa hau osatu eta zure grabaketak gainerako bisitariekin elkarbanatzeko.

SOINU MAPA Arteleku Arte Garaikideko Zentruan egoilarra den Audiolab egitasmoak jarri zuen martxan 2004ean. Hastapenetik Xabier Erkizia artista eta ekoizlearen zuzendaritzapean sorturiko egitasmoa da. Webgunearen programazioari dagokionean Enrike Hurtado eta Xavier Balderas izan dira, momentu bakoitzaren beharren arabera web-plataforma teknikoki sortu eta moldatzen joan direnak, egungo bertsiorarte; eta edukien edo lan ildoen aldetik Oier Iruretagoiena artista gipuzkoarraren edo Luz Maria Sanchez mexikarraren ekarpenak nahitaezkoak izan dira Soinumapa gaur dena izateko.

Egun, kolektibo modura, 6 pertsonek osatutako editore talde batek zuzentzen du Soinumapa eta talde honek berak pentsatu eta ezartzen ditu etorkizunean aitzinera eraman beharreko lan ildo nagusiak. Aldiberean talde honek berak, administrari lanak betetzen ditu, kolaboratzaile sareari laguntza eskainiz, eta artxiboak dituen beharrei aurre egiteko.

Webgunea bizirik mantentzeaz gain Soinumaparen esperientziak soinu paisaien inguruko lan ildo bat sortu du Audiolaben ekitaldien barnean eta besteak beste hitzaldiak, aurkezpenak, kontzertuak, tailerrak, instalazioak, esperientzia didaktikoak eta bestelakoak sortu ditu. Hauen artean beharbada aipagarrienetako bat HOTS! irratiaren sorrera da, non mapak martxan jarritako zenbait eztabaida eta erreflexio irrati-podcast formatuen bidez erakustera ematen diren. Azken urteotan SOINU MAPA besteak beste, Tuned City (Berlin, 2007), World Forum for Acoustic Ecology (Mexiko, 2009) edo Biennale d’Arte di Venezzia (Venezia, 2009) bezalako lekutan aurkeztu izan da.