AUDIOLABek TABAKALERArentzako egindako ARKITEKTURA BELARRIZ podcast kanalaren lehenbiziko atala argitaratu dugu.
- Izenburua : Ateak
- Hizkuntza: Euskara
- Argitaratze data: 2014ko urria
- Gidoia: Xabier Erkizia
- Iraupena: 14 min
- Edizioa, nahasketa eta ahotsa: Xabier Erkizia
- Grabaketak : Xabier Erkizia, Iñigo Telletxea
- Irudia: Asier GogortzaRSS bidez harpidetu
Ikusten duguna baieztatzeko entzuten dugu. Halakoa da gure pausuak gidatzen dituen begiradaren indarra, eta entzuten dugunaren baldintza. Begirada lausotzen, itzaltzen edo atzean uzten dugunean efektu bereziak sortzen dira gure ulermenean. Egunero, uneoro gara honelako egoeren testigu eta protagonista inkonziente. Burua jiratzen edo begiak isten ditugun aldioro gertatzen da: atzean uzten duguna, soinuz bizitzen hasten gara.
Atzean uzten ditugu auto barrutik entzuten ez ditugun geure zaratak, bizilagunaren belarriak, bidean jariatzen ditugun telefono dei zatitxo publikoak, guretzat pribatu eta bertzeentzat norbaiten bizitza zaratak baino ez direnak, gure pausoak, aginduak eta bereziki, atzean uzten ditugu ateak.
Ateak isterakoan, segundu erdi lehenago, gustoko izan edo ez, gureak izandako soinu guztiekin uzten ditugu atzean etxe, bulego edo komunak, toki guztiak. Atearen danbada bakoitzarekin dena isilduko balitz bezala, jarraitzen dugu begiradak agindutako bidea. Aurrera egindako pauso bakoitzarekin isiltzen, mututzen dugu aurreko gure pausoa. Eta belarria, atzetik, beti berandu.
Eman dezagun Tabakalerari buruz ari garela. Tabakalera eraikinaz. Jada ez dago aterik bertan. Ez garai bateko aterik, behintzat. Denak itxi zituzten, berriak ireki ahal izateko. Haizeak ez du trabarik topatzen, ezin du korriente izan, bertzerik gabe, da. Eta ateekin batera, Tabakalerako gelek gela izateari utzi zioten, noizbait ate berriak izango dituzten gela berri bihurtzeko. Azken finean ez al du mugak egiten gela? Ez al du ateak mugatzen gela?
Tabakalerak hainbat hamarkadaz izan zituen ateek oraindik ate izaera zutenean, artean ireki eta itxi egiten zirenean, eraikinean barrena ordu luzetako soinu grabaketa saioak egin genituen. 2008a zen. Anglizismoak erabiliz, gaurko hizkera hauntologiko deituko genukeen ariketa honen bitartez, eraikin ia huts batean, hustu batean, desagertzear zeuden hotsak bildu genituen, jakinik atzean uzten genuen bakoitza ez genuela sekula gehiago entzungo. Soinu haien bidez, gure aurrean egon arren ordurako atzean utzitakoa jasotzen saiatu ginen.
Ateak grabatu genituen.