Audio-gidak

Oinarrian, proiektu honek soinuetan eta entzumenean oinarritutako ibilaldiak proposatzen ditu herri eta hirietan barna. Izan leike herri/hiriko hainbat leku berraurkitzeko eta berrezagutzeko aukera ematen duten ibilaldiak, izan leike ibilaldi poetiko bat edo bide jakin bat soinuz apainduta iragaiteko aitzakia.

GPS teknologiadun sakeleko telefonoa da audiogida honetarako erabiltzen dugun tresna nagusia. Telefonoa soinean zintzilik, sakelean, poltsaren batean edo eskuetan ere eraman daiteke (ez da pantailari begiratzen ibili beharrik), eta belarrietan audifono edo kaskoak jarri behar dira.

Telefonoaz gain, ibilbide zehatz bat proposatzen duen tokiko mapa emanen zaio bisitariari. Bide hori jarraituz, hainbat soinu aditzen hasiko dira kaskoetatik, guk aitzinetik (GPS teknologia bidez) ibilbideko hainbat puntu jakinetan kokatu ditugunak.

Soinuak gisa desberdinekoak izan daitezke: elkarrizketak, musika, karrikako soinuak, narrazioak… baita soinu bidez eman daitekeen bertze hainbat adierazpide edo informazio erabilgarri ere.

Soinu-puntu edo entzumen kokapen bakoitzera iristerakoan, telefonoak bibrazio bidez abisua egiten du eta toki horri dagokion soinua erreproduzituko du.

 

Orain arte AUDIOLAB elkarteko kideok horrelako hainbat audiogida diseinatu eta aurkeztu ditugu:

ADIBERA: 2011ko ERTZ jaialdiaren ekitaldien barruan aurkeztu zen Berako audiogida. Kolektiboki sortua.

SENPERE (2011): Berinak egitasmoaren barnean egindako audiogida. Arantxa Iturberen gidoiarekin.

LUBLIN (2011): Rodzrova kultur zentruaren enkarguz Lublin hiriko grabaketekin osatutako audiogida.

AREAGO (2013): Igartubeiti museoaren enkarguz egindako bi soinu-ibilaldi. Gidoiak: Arantxa Iturbe, Maialen Lujanbio, Harkaitz Cano

http://www.igartubeitibaserria.eus/eu/jarduerak/prentsa-bulegoa-2.0/prentsa-oharrak/areago-soinuetan-murgilduz-ibili

– MUGAKO BIDEA (2014)Mugari buruzko audiogida. eta areago, muga-marraren gain-gainetik doan mendi ibilaldi bat. Gidoia: ike Diez de Ulzurrun, Alberto Barandiaran, Asier Gogortza

http://www.mugakobidea.com/

REKORDING: Ahanzturak (2016): DSS2016 egitarauaren REKORDING egitasmorako egindako audiogida, ahanzturari buruzkoa. Gidoia: Arantxa Iturbe, Maialen Lujanbio, Xabier Erkizia… http://dss2016.eu/eu/dss2016eu/ahotsak/rekording/rekording
 
BIDEAK – PAREAN ELKARTEA (2020) – Irungo historiako emakumeen paseoen mapa interaktibo bat, bilbide ezberdinez osatua eta bakoitzean geldiune ezberdinekin. Geldiune bakoitzean istorio bat ezagutzeko aukera dago, bertan topatuko den QR kodeen plaka bat bana egongo delako, audiogida batera berbidaliz.