URA MATERIA GISARA liburu aurkezpena

URA MATERIA GISARA liburuaren aurkezpena
martxoak 22, osteguna, 19:00
Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxea
www.cristinaenea.eus

Urtebete baino gehiagoko edizio-lanaren ondoren, argia ikusiko du “Ura materia gisa” liburuak, HidroLogikak egitasmoaren lekukoa hartuz hamaika gai lantzen dituena, besteak beste uraren kudeaketa Donostian eta beste udalerrietan, gure ibaien egoera, beren defentsan aritzen diren ekimen sozialak, ingurumen-gatazkak edota urak memoriarekin duen lotura metaforikoa eta materiala. Era berean, Urumea eta bestelako ibai-ekosistemetara eginiko gerturaketa artistikoak ere jasotzen ditu.

Argitalpenaren helburua da gordailu eta memoria bat sortzea HidroLogikak 2016 egitasmoaren inguruan, eginiko jarduerak eta mobilizaturiko ezaguerak barne. Liburuak 30 lagun eta eragile baino gehiagoren ekarpenak biltzen ditu, Euskal Herritik bertatik, eta kanpotik ere, modu batean edo bestean uraren, ibai-ekosistemen, memoria sozial eta kulturalaren edo lurraldearekin konprometitutako jarduera artistikoen zaintzan eta defentsan hausnartzen eta lan egiten dutenak.

AUDIOLAB elkarteak zenbait dokumentu gehitu ditu liburu honetan, tartean Annea Lockwoodi egindako elkarrizketa bat edo Peter Cusackekin egindako egitasmoaren inguruko egunerokoa.

“Ura materia gisa” liburuaren aurkezpena martxoak 22an izango da, osteguna, Uraren Eguna, arratsaldeko 19:00etan, Donostiako Ingurumen Baliabideen Etxean (Cristina Enea parkean). Bertan elkar ikustea espero dugu, prozesu honetako kide izan zarelako. Elkartzeko eta liburuaren ale bat eskuratzeko aukera aparta izango da.

Etorriko ote zaren baieztatzea eskertuko genizuke, ekitaldia ondo antolatzeko. Eta etortzerik izango ez bazenu (batik bat hemendik urrun bizi zaretenak), liburuaren ale bat bidaltzeko helbide postal bat ematea eskatu nahi dizugu.