SOINUMAPA.NET: 2000 dokumentu sarean

soinumapa_2006

2005eko udan Euskal Herriko soinuen maparen, SOINUMAPA.NET edo berriki SOINUMAPA.EU webgunearen, lehen bertsioa jarri genuen sarean. Hilabeteak ziren jada egitasmoa burutan genuela, eta Luz Maria Sanchezek 2001ean egindako soinu grabaketen artxibo ahantzia ere bulkaka genuela profitatuz, behingoz webgunea martxan jartzeko erabakia hartu genuen, orduan oraindik ARTELEKU zentroa zenaren AUDIOLAB laborategi berrian.
Horrela abiatu zen Soinumaparen lehenbiziko bertsioa, Enrike Hurtadok garaiko tresnak (interneten ez du gure egutegiez ulertzen) baliatuz atondu zuena. Ia urtebete bereanduago, 2006ko ekainean, eta  jada 100 bat grabaketako artxiboa sarean izanik, aurkeztu genuen egitasmoa jendaurrean. Geroztik, ehundaka eguneraketa eta aldaketa jasan ditu Soinumapak: oinarrizko html-tik phpen oinarritutako webgune izatera pasa zen, wordpresserako espreski egindako plugina ere jorratu genuen (gerora bertze hainbat soinu-mapetarako oinarri balio izan duena), artxibo guztiak dokumentatzeko Tesauro osatu eta aberatsa antolatu genuen… lan taldeak, webgune paraleloak, ikerketa egitasmoak, HOTS! irratiaren sorrera, atal berriak… zaila da bide guzti honetan Euskal herriko soinuen mapak eman digun guztia, sortu dizkigun aitzakia guztiak kontatzea. Ez dakigu denbora guzti honetan zenbat jendek entzun eta berrerabili dituen mapako dokumentuak, baina badakigu egin dutela, eta ez gara horrelakoetan ohi den bezala, soilik estatistikei buruz ari. Urte guzti hauetan Soinumapako artxiboek irratsaioetan, musika konposizioetan, filmetan edo bertzelako ikuskizunetan bizi izan dira. Bizi hitza erabiltzen dugu, artxiboak, artxibo orok, nahitaez garraiatzen baitu heriotzaren itzala, gertatu izan zenaren (eta sekula gehiago gertatuko ez denaren) pisua. Horregatik sortzen digu oraindik ere ilusio berezia gure artxiboko grabaketaren bat bertze testuinguru batean entzuteak.

Hamar urteren ondotik, Soinumapak 2000 grabaketen langa gainditu du eta 345 lagunek parte hartu dute egitasmoan. Hirugarren urtez, Soinumapak egunero guttienez grabaketa bat argitaratzeko ardura mantendu du eta momentu honetan, Xavier Balderasek 2009an egindako maparen bertsio berrituari astinaldi bat ematen, soundmap pluginaren bertsio berria antolatzen, submapa berriak asmatzen, artxibo bilduma berriak eta espezializatuak gehitzen, eta atal berriak antolatzen ari gara. Ez da gutxi. Hamar urteren ondotik, mapa honek (sarean hain modan jarri eta mamuak bezala desagertu ziren hainbat eta hainbat mapek ez bezala) bizitzeko gogoa duela jakiteak, guri ere aurrera egiteko indarra ematen digu.

Milesker hau den posible egin duzuen pertsona guztiei eta milesker mapa berari, oraindik ere akuilu lanak egiteagatik.