IKERKETAK

AUDIOLAB elkarteak jorratzen dituen ekintzen barruan, entzumenaren kulturaren inguruko ikerketa ildo eta metodologia nagusiena da. Oinarrian, martxan jartzen dugun proiektu orok, berdin argitalpen, sorkuntza, ekitaldi edo artxibo modura, gure ingurunea osatzen duten soinuzko errealitateen inguruko ikerketaren bat izan ohi du abiapuntu. Soinu paisaia bere definizio zabalenean, objektu eta tresnen soinu diseinua, izaera artistikoko sorkuntza (soinu-artea, fonografia, musika experimentalak, zinema, soinu-etnografia…) edo soinuzko teknologiak (irratia, hari gabeko komunikazio sistemak, mikrofonia, sentsoreak, aplikazio numerikoak, soinu sistemak…) bezalako gaietan jartzen dugu arreta. Kasu gehienetan ekimen hauek bestelako ikerketa alorrekin gurutzatzen dira, halanola Antropologiarekin, Etnografiarekin, fisikarekin edo geografiarekin, izaera askotako lanak aurrera eramateko aberasgarria den ikerketa alor berri bat proposatuz.

Ikerketa hauek AUDIOLABek berak bere kabuz edo enkarguz, esan nahi da Kultur eta Arte zentruekin, Museoekin, Ingurumen zentruekin, elkarteekin, gobernuekin, Unibertsitateekin edo hezkuntza zentroekin elkarlanean egiten ditugu. Zentzu honetan, Euskal herrian egindakoez gain, azken urteotan Galizian, Indian, Polonian, Italian, Ekialdeko Timorren edo Suitzan egin izan dugu lan. Kasu guztietan, taldean eta modu eraikitzailean lan egiten saiatu izan gara, gure helburuekin betez baina baita beste pertsonentzako erabilgarriak izan daitezken lanabesak sortuz, gerora egitasmo berriak beren kabuz abiatzeko gai izan daitezen, gure laguntzarik gabe. 

Azken urteotan,  kultura preindustrialetan entzumenak eta soinuak duen garrantzia izan da gure ikerketa ildo nagusienetakoa: Teknologia premekanikoak, egurra soinuzko materia gisara, animali eta gizaki arteko komunikazioak, lanaren musikak, soinu paisai ez-urbanoa etabar.

AZKEN PROIEKTU BATZUK:

ENTZUMENAREN BIDEZ ERAIKI: Sartaguda Suena (2018): Soinuzko Web mapa irekia  (SOINUMAPA.NET maparen babesarekin), irratsaio publikoa eta entzumenaren inguruan sentsibilizatzeko dokumentazioa. Nafarroako Gobernuaren LANDARTE  egitasmoaren laguntzarekin. 

HITZA BASA (2018-gaur arte): Gizaki eta animalien arteko komunikazioa eta giza hizkuntzaren mugak aztertzen dituen Liburu-CD euskarriko argitalpena. Paraleloan, Nader Koochaki (SOINEKO PAISAIA) edo Jean-Luc Guionnet (ARANTZAZU CLOSE&FAR) bezalako artisten lanak ko-ekoitzi ditugu. 

PLAUSTRUM STRIDENS (2008-gaur arte): Ardatz mugikorreko idi-gurdi zaharrean kantuaren inguruko diziplina anitzeko nazioarteko ikerketa. Xabier Erkiziak zuzendutako egitasmo honek, oraindik martxan dirauenak, ikuspegi artistiko nahiz dokumentaletik emaitza ugari ematen ari da. Haien artean O GEMER luzemetraia, zenbait disko, liburuak, instalazioak etabar.