THE POLITICS OF RECORDED SOUND

THE POLITICS OF RECORDED SOUND. Xabier Erkizia
soinu instalazioa

Maiatzaren 15etik ekainaren 21era
KOLDO MITXELENA kulturunea, DONOSTIA 
LIBURUTEGIA ETA JAKINTZA erakusketaren barne

THE POLITICS OF RECORDED SOUND (Soinu grabatuen politikak)
4 bozgorailutarako soinu-konposizioa + idatzia + inpresioa + soinu-dokumentazioa

Izenburutik hasita, instalazio honek gure kultur iruditeria osatzen duten soinuekin ditugun erlazio arraroengan jarri nahi du arreta. Gaur egun oraindik, soinuak gure ondare historiko eta kulturalaren parte bezala ulertzeak, nahitaez jakintza komuna bezala ulertzen dugunari ezartzen zaizkion politikek gordetzen dituzten kontraesan haundiak agerian uzten dituzten definizio jakin batzuen aurrean jartzera behartzen gaitu. Egiletzak, hauen eskubideak, zabalpenerako eta komerzializatzeko erabiltzen diren sistemak, kontsumo moduak, askotan zentsura ariketa bihurtzen diren erakundeen errezeloak… denak dira soinuzko dokumentu hauekin dugun erlazioa modu naturalean ulertzea eragotzi eta arrarotzen duten politiken adibide.
Euskal Herrian egindako soinu grabaketa zaharrenetako batzuk eredu hartuta, -hain zuzen Leon Azoulay doktoreak 1900. urtean eta Rudolf Trebisch etnografoak 1912-1913an egindakoak-, instalazio honek, kultur dokumentuen katalogazio lanen ardura duten zentruetan, bereziki gorde beharrekoa fisikoa ez denetan, ze arazo sortzen diren azaleratu nahi ditu. Eta aldiberean, askotan gure iragana ulertzeko ezinbesteko diren dokumentu horiekiko dugun ezezagutzari buruz hitz egin nahi digu.
Instalazioa erakusketaren dokumentazio aretoan entzungai dauden irrati-dokumental zenbaitekin osatzen da.

Xabier Erkizia (Lesaka, 1975) soinu artista, ekoizlea eta kazetaria da. AUDIOLAB elkarteko kide, azken 15 urteotan ERTZ Bertze Musiken jaialdiaren antolatzaile lanak egin ditu. Europako, Amerikako nahiz Asiako hainbat herrialdetan erakutsi izan du bere lana, bai grabaketa, bai zuzeneko emanaldi edo baita instalazio modura ere.