Audio-gidak

Oinarrian, proiektu honek soinuetan eta entzumenean oinarritutako ibilaldiak proposatzen ditu herri eta hirietan barna. Izan leike herri/hiriko hainbat leku berraurkitzeko eta berrezagutzeko aukera ematen duten ibilaldiak, izan leike ibilaldi poetiko bat edo soinuz apaintzen duena.
GPS teknologiadun sakeleko telefonoa da audiogida honetarako erabiliko den tresna nagusia. Telefonoa soinean zintzilik, sakelean, poltsaren batean edo eskuetan ere eraman daiteke (ez da pantailari begiratzeko beharrik izanen), eta belarrietan audifono edo kaskoak jarri behar dira.
Telefonoaz gain, ibilbide zehatz bat proposatzen duen tokiko mapa emanen zaio bisitariari. Bide hori jarraituz, hainbat soinu aditzen hasiko dira kaskoetatik, guk aitzinetik (GPS teknologia bidez) ibilbideko hainbat puntu jakinetan kokatu ditugunak.
Soinuak gisa desberdinekoak izan daitezke: elkarrizketak, musika, karrikako soinuak, narrazioak… baita soinu bidez eman daitekeen bertze hainbat adierazpide edo informazio erabilgarri ere.
Soinu-puntu edo entzumen kokapen bakoitzera iristerakoan, telefonoak bibrazio bidez abisua egiten du eta toki horri dagokion soinua erreproduzituko du. Grabazioen iraupena aldakorra da, beraz aitzinera jarraitu daiteke eta hurrengo puntua bilatu edota eserleku bat bilatu eta lasai aditu.
Erabiltzailearentzat instrukzioak mapan bertan idatzita daude, baina ibilbidearen hasieran kaskoetatik ere aditzen ahal dira argibideak, behar den hizkuntzetan emanak. Gida hauek hizkuntza ezberdinetan egin daitezke, baita istorio ezberdinak sortzeko ere.