Zer da Audiolab

AUDIOLAB soinu ikerketari eskainitako irabazi asmorik gabeko kultur elkartea da. Egungo gizartean soinuaren kultura sustatzeko helburu nagusiarekin, elkarlanera eskainitako plataforma ireki honek elkartea osatzen duten kideek urtetan sortu eta landutako proiektuetan pilatutako esperientzia du oinarri, horien artean: ERTZ Bertze Musiken jaialdia, ARTELEKU arte garaikideko soinu laborategia, egitasmo editorialak (NOISE & CAPITALISM), erakusketen antolakuntza (TABAKALERA SOINUTAN, ENTZUNGOR, ZOOO…), ikerketa lanak ([UN]COMMON SOUNDS, RONA MAUBERE, OPEN SOUND)…

Entzumenari buruz eta entzumenarekin lan egiteak, nahitaez alor artistiko, dokumental, ikertzaile, sozial edo antropologikoen arteko mugetan dantza egiteak suposatzen duela sinistuta, AUDIOLABek orain arte ikerketa ildo nagusietan erdi ahantzirik geratu den esparru aberats honetan egin nahi du lan. Hortarako elkarlana, elkar-heziketa eta esperimentazioa ezinbesteko tresnak dira gure egitasmo guztietan.

Gure aktibitate eta helburuak dira:

  •  Soinuzko memoria gorde
  • Entzumenez jasotzen den kultur ondare inmaterialaren balioa azpimarratu.
  • Ekitaldi, jaialdi, erakusketa, eta instalazioen sorkuntza, diseinua eta antolakuntza
  • Jardunaldi, hitzaldi, tailer eta bestelako ikerketa egitasmoan antolakuntza
  • Soinu anbiental eta irekien grabaketa eta kontestualizazioa, ikuspegi artistiko, bioakustiko eto antropologikotik
  • Entzumenari eta soinuari buruzko eduki pedagogikoen sorkuntza, diseinua eta argitalpena
  • Entzuteko-audio erabileretarako web eta telefoniako aplikazioen diseinua eta programazioa
  • Kulturgintzarako aholkularitza