IBAIA EZ DA TOKI BAT (2) workshop @ Donostia

argazkia_ibaiak2

Irailak 30etik urriak 2ra arte luzatuko da Cristina Enea Fundazioak eta Donostia 2016 Fundazioak antolatutako tailer-laborategi honen bigarren zatia, HidroLogikak 2015 egitasmoaren baitan kokatua.

Irailak 30 – Urriak 2

Cristina Enea zentrua, Donostia (Gipuzkoa)

Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea (943 453526 / cristinaenea@donostia.eus).

info gehiago: www.cristinaenea.org

Ekainean izandako lehenengo tailer-laborategi haren jarraipena da jarduera hau eta hiru egunez luzatuko da, saio teorikoak praktikoekin uztartuz. Arduradunen hitzetan, “Urumea ibaiarekiko gerturaketa artistiko bat lortu nahi dugu, ikusentzunezko sormenaren eta bestelako tresnen bidez sentsibilitatea garatuz”.

Horretarako, aurretiazko hausnarketa behar-beharrezkoa da. Nola filmatu oraina? Denboraren jarioa segunduko 25 instanteko abiaduran gorde al daiteke? Zer du denboraren instante bakoitzak historiaren osotasunetik? Isuria, aldaketa, etengabeko mugimendua, jarioa, ikusentzunezkoak erregistratu al dezake? Bi aldiz ibaiari begiratuz gero, bi ibai ikusten ditugu, ezberdinak, bereiziak. “Jendearen eskuetan tresna egokiak jarri nahi ditugu, eurek konta dezaten zein den ikusten duten ibaia, nola bizi duten Urumearekiko harremana”.

Egitaraua

HidroLogikak2015 egitasmoaren barne Ibaia ez da toki bat laborategiaren bigarren emanaldia izango dugu, Zazpi T’erdi ekoiztetxeko kideek zuzenduta, eta Xabier Erkizia soinu-artistak moderatuta.

– Irailak 30, asteazkena. Saio teoriko-praktikoa izango dugu, Zazpi T’erdi ekoiztetxeko David Aguilar eta Pello Gutiérrezen eskutik. Ibaiaren ikusentzunezko errepresentazioak landuko ditugu (17:00-20:00).

– Urriak 1, osteguna. Urumean zehar irteera egingo dugu, kamera bidez ibaia grabatu, barneratu eta azaleratu asmoz. Grabaketa materialak arduradunek jarriko dituzte baina nork bere mugikor eta baliabideekin ere egin dezake (17:00-20:00).

– Urriak 1, osteguna. ‘Urak Dakarrena’ dokumentala proiektatuko da Loiolako Kultur Etxean, 20:00etan. Juan Miguel Gutierrez zuzendariak aurkeztutako lan honek Urumea inguruko Txomin Enea auzoko aldaketak bistaratu nahi ditu, ibaia ardatz hartuta (20:00).

– Urriak 2, ostirala. Sormen prozesuarekin jarraituko dugu, ontziz eginiko beste irteera baten bidez. Bi egun hauetan (urriak 1 eta 2) filmatutakoa aztertu, eta soinu, ekintza eta irudien bidez obra artistikoen sormenari ekingo diogu (17:00-20:00).

Honek guztiak, ikastaro-topaketa parte-hartzaile baten itxura izango du batez ere. Guztien artean sortuko ditugu obrak, guztien indar, gogo eta sormenarekin, Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean.