IBAIA EZ DA TOKI BAT workshop @ Donostia

ISLA

Ibaiari buruzko tailer artistikoa AUDIOLAB eta Cristina Enea Fundazioaren eskutik HidroLogikak 2015 egitasmoaren baitan, ekainaren 25etik 27ra ‘Ibaia ez da toki bat’ izeneko tailerra izango da Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean. Egitarauak saio teoriko-praktikoa, entzunaldiak, proiekzioak eta irteerak uztartuko ditu, AUDIOLAB eta Cristina Enea Fundazioaren arteko elkarlanean.

Ekainak 25-26- 27
Cristina Enea zentrua, Donostia (Gipuzkoa)
Beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea (943 453526 / cristinaenea@donostia.eus).
info gehiago: www.cristinaenea.org

Tailerrak ibaiarekiko gerturaketa proposatu nahi die partehartzaileei, sentikortasun artistikotik abiatuta, ibaia ezagutzeko, bizitzeko eta hausnartzeko modu eta bide berriak eraikiz. Honako tailerra, azken bi hilabeteotan HidroLogikak 2015 egitarauan pilatutako esperientzia, ondorio eta bizipenen lekuko izango da.

Ekainak 25 eta 26an Cristina Eneako Ingurumen Baliabideen Etxean saio teoriko- praktikoa landuko da, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara eta ekainaren 27an berriz, Urumeatik zehar irteera antolatuko da, 13:00etatik 15:00etara.

“Dokumentatzeak, grabatzeak edo jasotzeak, tokia nahitaezkoa du. Begia objetiboa gidatzeko bisorearen ezpainetan, edo belarriak entzungailuen kuxinetan jartzeak, nahitaez ikusmen eta entzumenaren espazioetan tokiak eraikitzea suposatzen du.

Begiratzerakoan nahiz entzuterakoan etengabe tokiak enmarkatzen ditugu. Ibaia ordea ez da tokia, eta urari nekez jar dakioke markorik.

Nola begiratu, nola entzun behar zaio tokia ez den espazioari? AUDIOLAB-ekin elkarlanean, ikastaro baino topaketa ireki gisara proposatzen dugun ekitaldi honek, galdera horri erantzuna bilatu nahi dio. Urumea ibaiarengan arreta jarriz, ibaia definitzeko erabiltzen dugun ikuspegia iraultzeko ariketa egitea da erronka. Zein da ibaia dokumentatzeko modu egokiena? Ibai-ertzetik edo ibai-bidetik? Ur gainetik, edo urazpitik? Nolakoa da ibaiaren isla? Entzunaldiak, ikustaldiak, txangoak eta solasaldiak, hiru egunez, hiru orduz, tokia ez den espazio baten erretratoa marrazteko. Horra hor proposamena.”